Zumarraga: Antioko Ezpata Dantza
Gipuzkoako folklore-hitzordurik garrantzitsuenetako bat da. Dantzari zein interpretazio-tokiari dagokienez, Zumarragako “Antioko” baseliza baita, ezbairik gabe, gure ondare herrikoiaren adibiderik onenetako bat.
Uztailaren 2a da Zumarragako Santa Isabel jaietako egun handia, eta bizilagun gehienak Antioko Santutegira igotzen dira, Belokiren inguruko mendietan. Asko dira ere aldameneko herrietatik —hala nola Legazpi, Urretxu eta Gabiria— bertaratzen direnak. [...]
Goizeko lehen ordutik, txistulariek hasiera ematen diote festari, alboradekin. Plazan biltzen direnean, santutegira igoera hasten da: txistulariak doaz aurretik, dantzariak eta udal-korporazioa atzetik, alkatea buruan. Herritarrak pixkanaka batzen doaz jarraigoarekin.
Lehenengo geldialdia parrokian egiten da. Apaizak segizioarekin bat egin, eta Eizagako auzora jarraitzen dute. San Gregorio baselizak kanpaia jotzen du, segizioa gertu dagoenean. Tanleku baserrian, segizioa utzi eta bakoitza bere aldetik igotzen da Eliz-Alde baserriraino. Bertan, bat egiten dute berriro, baselizara elkarrekin iristeko.
Goian, korporazioak “hamarretakoa” egiten du. Meza nagusia hastera doa, eta txistulariek Zortzikoa jotzen dute, agintariei eta dantzariei elizara bertaratu behar direla ohartarazteko. Dantzariek arku bat osatzen dute, eta bertatik igarotzen dira, ordena honetan: agintariak, txistulariak, eta dantza-kapitainak. Dantzariak atzetik doaz, arkua deseginez. Aldarera gerturatzen dira guztiak; dena prest dago errituala errepikatzeko.
Apaiza aldarean dagoenean, dantzari hasiera ematen diote. Dantza eratzen dute buruzagia edo kapitaina, eta haren atzetik bi ilara luze (lau dantzari ilara bakoitzean), ezpata luzeekin. Atzetik, beste hiru dantzari doaz, azkendariak, alegia, eta sastakai motzak daramatzate, Ama Birjinari dantzatzeko prest.
Ezpata luzeak dituztenek jantzi zuri tradizionala daramate, galtza luzeekin; baina buruzagiak edo kapitainak eta hiru azkendariek galtza gorriak daramatzate belaun azpiraino, satin-antzeko telazkoak. Horrez gain, galtzerdi zuriak daramatzate, eta zapata beltz arinak, lore-apaingarri batekin oinbularrean. Azkenik, kolore gorriko gorbata, zintak besoetan eta zerrenda gurutzatua.
Aldare nagusian, buruzagia dantzan hasten da, eta zenbait ostiko ematen ditu airean eta pausoak, lurraren arrasean. Gero, azkendarietako batek, Ama Birjinaren aurrean belauniko jarrita, ezpata motzen jokoa egiten du: mugimenduak goian eta behean, ezkerrera eta eskuinera. Gero, kapitainak bide ematen die azkendariei, eta dantza bera errepikatzen dute, banan-banan. Amaitzeko, hiru azkendariek eta buruzagiak batera egiten dute dantzan. Larramendik Ezpata Dantzari buruz egiten zuen deskribapena dakar gogora: banan-banan igarotzen ziren, aldareraino, pertsonarenganaino edo harrera-tokiraino iritsi arte.
Egintza amaituta, prozesioan irteten dira Ama Birjinaren irudiarekin, eta ibilbide bat egiten da baselizaren ingurutik. Ibilbidea amaituta, dantzariak elizaren kanpoan geratzen dira, eta barruan meza errezatzen den bitartean, hamarretako on batekin indarberritzen dira. Meza amaituta, Aurreskua dantzatzen da, eta Ezpata Dantza errepikatzen da; baina oraingo honetan “kalekoa”. Bertan, ez da belauniko dantza egiten, eta Gipuzkoan tradizioz dantzatzen denaren berdina da, kasik. Gero, bazkari herrikoia, erromeria eta bozkarioa datoz, arratsalderaino.
Arratsaldeko zortzietan, gutxi gorabehera, agintariek agur esan diote Ama Birjinari, Zortzikoarekin, eta herrira jaisten hasten dira, igoerako ordena eta protokolo berekin. Udaletxera iritsita, berriro ere arkua egiten diete agintariei, eta udaletxeko balkoian agertzen direnean, berriro dantzatzen dute kaleko Ezpata Dantza, festari amaiera emateko. Benetan zoragarria da.
Gogoratu abuztuaren hamabostean, Andre Maria Jasokundearen egunean, erritual bera egiten dela elizako Ama Birjinaren aurrean, Antioko egunean egiten diren antzeko protokoloak jarraituz.
Antioko Interpretazio Zentroa
Helbidea: Antioko Interpretazio Zentroa, Beloki hiribidea, Zumarraga
Tel: 943722042
Email: turismobulegoa@urolagaraia.com