._Industriaren gorria
Burdinezko mendia den Aizkorri eta burdinolen ibaia den Urola.
Ezkioko dolaredun baserrietatik hasi eta gaur egungo industriara, eskualdeak industrializazio-prozesu luzea egin du, batez ere, gure izaeraren elementu bereizgarria den burdinean oinarrituta.
1580ko maiatzaren 3an, igande batez, Mirandaolan gertatu zen urte batzuk geroago Gurutze Santuaren miraria gisa izendatu zen gertaera. Hainbeste lan egiten zen Legazpin, ezen olagizonek igandeetan ere egiten baitzuten. Egun hartan olagizonek, egun osoan zehar lanean ibili ondoren, gurutze formako 5,5 kilogramo pisatzen zituen burdinazko pieza txiki bat baino ez zuten lortu. jaiegunean lan egiteagatik zigor jainkotiartzat joz. Harrez geroztik, Legazpiko jaiak maiatzaren 3 horren inguruan ospatzen dira, Santikutz egunean, eta Mirandaolako Eguna, urtero maiatzaren 4ko igandean ospatzen da.
Burdinarekiko harremanak bere horretan iraun du eskualdean, eta, pixkanaka-pixkanaka, lehen industriekin batera (dolaredun baserriak, zumea edo egurra) burdinak eskualdeko eraldaketa handiena eragin du. XX. mendean, lantegi handiek, hala nola Patricio Echeverriak edo Orbegozok, eta immigrazio handiaren ondorioz aurrekaririk gabeko hazkunde demografikoak baldintzatu dute eskualdeko hiri-, gizarte- eta ekonomia-egitura.
Estetika horrek baldintzatzen du, hain zuzen ere, Urola Garaiaren izaera eklektikoa, dinamikoa eta kanpora irekia, beste leku batzuetatik iritsitako milaka langile hartu dituena.
Urola Garaia langilea eta irekia da, industriala eta landatarra, ez baitie inoiz uko egin tradizioari eta kulturari, eta baserriek ere parte hartu dute industrializazioan. Horregatik, gaur egun, izaera eta nortasun berezia dituen eskualdea da, bere jarrera aurrerakoia eta egokitzeko gaitasuna erakutsi izan dituena, eta oraindik ere, hala erakusten jarraitzen duena.
Urola Garaitik gertu eta gaiarekin lotuta bisita dezakezu:
1864ko abuztuaren 15ean, Espainiako gorteko erregina, Isabel II.a, izan zen ibilbide inperiala deitzen hasiko zitzaion eta Madrilgo bidaiariak Donostiara eramaten hasiko zen lehenbiziko bidai haren buru. Altsasu eta Brinkola arteko tunelen bidea zeharkatu ondoren, trenak geldialdia egin zituen Urola Garaiko geltokietan nahiz garai hartan obra garrantzitsu izan zen Ormaiztegiko zubian.
Norteko Konpainiaren tren horretan bertan, xx. mendearen erdialdera, eskualdeko lantegi handietara iritsiko ziren langileak ere, hala nola Orbegozora edo Patricio Echeverriara.
Zumarragan, Norteko Konpainiaren lineaz gain, Maltzagatik Zumarragara doan Trenbidearena (1889an inauguratu zena) eta Urolako Trenbidearena ere (1926) elkartzen ziren, eta horrek Urola Garaia Gipuzkoako Burdinazko Bideen Bidegurutze bihurtu zuen. Tren konpainia bakoitzak bere geltokia eraiki zuen, elkarrengandik oso hurbil, gaur egun geltokien auzoa deitzen den eremuan.
Zumarragako geltokien jarduera etengabea zen: era guztietako salgaiak eramaten zituzten bagoitik bagoira, eta kanpotik jende asko iristen zen lan bila. Beste herri batzuetara, hala nola Bergarara, Eibarrera edo Azpeitira, joateko zain zeuden bitartean, Orbegozoko, Madayako eta inguruko lantegietako arduradunek garai hartan ugaria zen lana eskaintzen zieten etengabe bertaratukoei.
Trenak, nahiz eta ordurako gure herriak bidegurutzeak izan (bertatik igarotzen baitzen Madrildik Frantziara bitarteko errege-bidea) eskualdeko hiri-, gizarte- eta ekonomia-egitura erabat aldatzen lagundu zuen.
Gaur egun, naturaz inguratutako industria-ingurunean oinez eta bizikletaz ibiltzeko leku aproposa da Urola Garaia.
Urola Garaitik gertu eta gaiarekin lotuta bisita dezakezu:
Industria batek funtziona dezan, energia eta lehengaiak behar izaten ditu, eta Urola Garaiaren kasuan, bertako mendiek burdina lortzeko eta eraldatzeko behar den guztia eman izan diote. Energia, berriz, Urola ibaiaren indarrak eta bertako basoetako egur-ikatzak.
Mendi inguruko industria-izaera ulertzeko, gure eskualdean barna paseatzea proposatzen dizugu, bai peabideetan zehar ibiliz, nahiz altueretatik eskualdeko paisaiaz gozatuz. Urretxu eta Legazpi arteko bidegorrian oinez edo bizikletaz ibiltzea ere gomendatzen dizugu, Urola Garaia irudikatzen duen paisaia bitxia delako, paisaia partekatua (landakoa eta industriala) metalurgia-nabeen, tximinien eta trenbideen paisaia, tarteka zelai berdeek, baserriek eta mendiek eteten dutena. Oraindik ere burdin usaina darion paisaia berezia da.