Anduagako Santa Luzia baseliza
Baseliza ezaguna da, haren inguruetan egin zituztelako lehenengo azokak, geroago Urretxura eraman bazituzten ere.
Zumarragatik Beasain aldera doan errepidearen oinean dago, Santa Luziko Erdi Aroko pikotaren aldamenean, Ezkio herrigunera eramaten duen bidegurutzearen parean ia.
[...]
Erretaula polikromatua du erdian, eta lehenengo pisuan Santa Luziaren irudia ikus dezakegu, haren bizitzaren behe-erliebe batzuekin. Bigarren pisuan, berriz, gurutzea eta Ama Birjinaren eta San Juanen irudi batzuk ageri dira. Baselizari buruzko informazioa bilduta dago 1585etik. 1620ko kontratu batek Aguraingo Prudencio Garcia de Andoain bizilagunari agindu zizkion erretaula eta Santa Luziaren irudia margotzeko eta urreztatzeko lanak. Erdi Aroan, zazpi abere-azoka garrantzitsu zeuden Gipuzkoan: Larraitz (Abaltzisketa), Iturriozko San Juan (Aia), San Balero (Arrasate), Oñazeko San Joan (Azpeitia), Elosuako San Andres (Bergara), Lierni (Mutiloa) eta Santa Luzia. Horietan guztietan daude baselizak. 1726an, udal-errejidoreek goi-autoritateen aurrean salatu zuten azokara bertaratzen ziren merkatariek eta tratulariek baseliza erabiltzen zutela, ez zegoelako beste estalperik inguruetan. Beraz, Urretxun bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak horrela ebatzita, inor bizi ez zen tokietan azokak egitea debekatu zen. Hala, Santa Luzia azoka famatua (abenduaren 13an) Urretxura eraman zuten, hasieran, eta Zumarragara, gero. Gaur egun bi herrien artean egiten da. 1984an, baseliza berritu zen. Dorrea 1906koa da. San Pedro jaiegunean meza eta herri-jokoak egiten dira.
Anduagako Santa Luzia baseliza
Anduagako Santa Luzia baseliza
Ezkio, Gipuzkoa