Legazpiko Ezpata dantza
Gutxi dira Rosa edo Parrilla figura mantentzen duen Ezpata Dantzak.
A Francisco de Oñativia de la
danza de espadas el día del
Corpus y de los tamborines,
atabalero, cachidiablo y bobo.
(1624/06/09)
XVII. mendearen hasieratik ugariak dira dantza honi buruzko aipamenak, Legazpin, eta hau da horietako bat. Antzina, San Juan egunean (ekainaren 24an) dantzatzen zen, eta XVII. mendean Gorpuzti festetan eta tokiko ospakizun ezberdinetan ere interpretatzen hasi ziren, hala nola maiatzeko Gurutze Santuan (maiatzaren 3an), abuztuko Ama Birjinan (abuztuaren 15ean) eta Gurutze Santuaren Sorkuntzan (irailaren 14an).
[...]Ugariak dira mota honetako dantzak, euskal geografian zein penintsula osoan. Horrelako dantzak aipatzen dituen daturik zaharrena, Euskal Herrian, XV. mende hasierakoa da, eta haren praktikak eragiten zituen iskanbilei egiten die erreferentzia. XVIII. mendean, dantza-mota horren erreferentzia ugari ditugu euskal geografia osoan, eta Gipuzkoan, bereziki.
Espainiako Urrezko Mendearen ohituren literaturan ugariak dira dantza hauei egindako erreferentziak, eta “On Kixote Mantxakoa” obran ere haren deskribapena topatuko dugu, “Kamatxoren ezteiak” kapituluan. Ezpata-dantzak asko erabili ziren Gorpuzti eguneko prozesio-ospetsuetan, eta, horri esker, oso ezagunak bihurtu ziren.
Legazpiko Ezpata Dantzaren deskribapena
Legazpiko egutegian lehena da, eta maiatzaren hiruan egiten da, goizaldean. Datuek diotenez, maiatzaren hiruko ezpata-dantzak 1660etik gaur arte mantendu dira, ia etenik gabe. Hasieran 25 dantzari zeuden, dantza-gidaria barne. 1847an, dantzari legazpiar bat bidali zuten Zaldibiara, udaletxeko funtsen kontura, Gipuzkoako dantza zaharrak ikastera. Bueltan, 40 pertsonekin dantzatzen hasi ziren Ezpata Dantza. Pixkanaka, ezpata luzeen kordan zegoen kide-kopurua murrizten joan zen, parrilla batera iritsi arte (horrela deritzo sei eta zazpi lagunek ezpatekin egiten duten figurari, gidaria altxatzean).
Badirudi parrilla- edo arrosa-formazioaren berezitasun hori (Arretxinagako Xemeinen erabiltzen den bezalakoa) nahiko berria dela; izan ere, ezpata luzea dantzatzen duten dantzariek soka ugari zeramatzaten, eta, ustez, zubiak eta arkuak egiteko erabiltzen zituzten, Larramendi eta Iztuetak deskribatzen diguten modura. Gainera, kopuru handi hori ez da bateragarria haren formazioarekin. 1864-1875 urteen artean interpretatu zen dantza, Gorpuzti Zortziko festan, eta, bitxia bada ere, mezari erreferentzia egiten dion izena hartu du: Octavario edo Okrabario Dantzak (Zortzikoaren Dantza).
Gainontzekoan, dantza honela osatuta dago: gidaria, ezpata motzeko hiru dantzari, eta ezpata luzeko 11 dantzari. Horiek guztiek galtzamotzak, zapia buruan, eta galtzerdi eta mahuka zabaleko alkandora zuriak daramatzate soinean. Protokoloari jarraiki, udaletxeko agintariei elizara lagundu eta gurutzea eramaten dute. Gurutzea Mirandaolako 1580eko mirariaren erlikia da, baita festaren eta dantzaren oinarri ere. Gero, korporazioa udaletxera bueltatzen da, eta arku bat egiten zaie, ezpatekin bobeda bat eratuz. Azkenik, Ezpata Dantza interpretatzen dute.
Gidaria irteten da, eta bi eskuekin ezpata luzearen muturrak hartzen ditu, dantzariak bi ilaratan jartzen diren bitartean (ezkerrean bost eta eskuinean sei). Plaza barruan, gidariak ezkerreko ezpata aske uzten du, eta haren eramailea gelditzen da, eta harekin batera ilara osoa. Bien bitartean, gidariak aurrera egiten du, eta eskuineko ilarako azkenak geldirik geratu denaren ezpataren muturra hartzen du. Hala, ilara bakarra osatzen dute. Plazari buelta eman ondoren, zubia edo arkua egiten dute berriro. Oraingo honetan, ezpata motzeko dantzariak plazan sar daitezen. Hiru dantzariak ilaran jartzen dira, udaletxeko balkoitik ospakizunari so dauden agintariei begira, eta gidariak eta ezpata luzeko dantzariek arkua desegiten dute, eta hiru ezpata dantzarien atzean jartzen dira. Orduan, gidariak ilara uzten du, eta ezpata motzeko hiru dantzarien aurrean jartzen da. Han, paseoa dantzatzen du bakarrik, eta, amaieran, balkoira begira agur egin eta dantzako gidariaren tokira bueltatzen da. Gero, patxadatsu, ilara gidariaren beraren inguruan mugitzen da, eta banan-banan ezpata jartzen diote, lepoa mozteko itxurak eginez. Figura amaitzear dagoenean, ezpata motzekoak dantzan hasten dira. Paseoa, hasteko, eta ezpata motzen ohiko joko ezaguna, gero. Ñabardura eta ezberdintasun gutxi batzuk ditu Gipuzkoarekin alderatuta, oso garrantzitsuak ez badira ere. Paseoa dantzatzen duten bitartean, gidaria ezpata luzeekin eratutako parrillara igotzen da, eta ezpata motzen jokoaren sona jotzeko zain geratu, aurrekoekin batera mugimendu horiek egiteko. Amaitzeko, gidariak musu bat bidaltzen die ezpatekin, bertaratu diren guztiei. Jarraian, jaitsi egiten da, eta hasieran bezala bi ezpata hartuta, plazatik irteten da.
Angel Murua Iñurritegiren testua
Legazpi: Ezpata Dantza
Santa Kruz eguna, Maitzaren 3a, Euskal Herria Enparantza
20230 Legazpi